eskohitza.com

EskohitzaBlogakLibre eta euskaldun → Software librea, euskararen aukera bakarra

RSS 2.0

Software librea, euskararen aukera bakarra

Gure hizkuntzak etorkizunik badu, teknologia berrietan barneratzen bada izango da. Beste edozein hizkuntza bezala, jendeak erabiltzen dituen tresnetan presente egoteko beharra dauka, eta gaur egun tresna horiek ordenagailuak eta Internet dira. Posible da euskarak mundu horretan presentzia nabarmenik izatea?

Erantzuna bat edo beste izan daiteke aukeratzen den bidearen arabera. Emaitza onak lortzeko zein bide aukeratu behar den? Software librearena.

Zer da software librea?

Baina zuetariko askok, gehienok, galdetuko duzue eta zer da software librea?. Software librea filosofia bat da, eta Richard Stallmani egindako elkarrizketa ikusita hobeto ulertuko duzuen arren, ondo azaltzen saiatuko naiz hemen.

Garatzaile batek software bat, aplikazio bat, argitaratzerako unean bi aukera dauzka:

  1. Software pribatibo bihurtu, aplikazioak funtzionatzeko behar duen kodea inork ikusi ez dezan, inork aldatzeko aukerarik izan ez dezan, ezta lagunekin partekatzeko ere.
  2. Software libre bihurtu, nahi duenak kodea ikusi, bertatik ikasi, moldatu, eta nahi duenarekin partekatzeko aukera emanez: ezagutza guztien eskura jarriz.

Software pribatiboa da adibidez Windows, eta Microsoft konpainiatik irteten den edozer. Software librea dira Linux, Firefox nabigatzailea, edo denok ezagutuko duzuen eMule. Aplikazio libre hauek, gainera, gehienetan debalde lortu daitezke (baina ez beti).

Beraz, software librea konputagailuen munduko ezkerreko mugimendutzat har daiteke, baina izatez askoz gauza sinpleagoa da: gauza normala da sukaldean aritzen direnentzat lagunekin errezetak trukatzea. Gero, errezeta horiei aldaketak egin eta etxeko gustura moldatzea. Eta ezin daiteke esan hau ezkerreko mugimendua denik! Ba berdina gertatzen da software librearen kontuarekin.

Software libreak garatu gabeko lurraldeei teknologia berrietan aurrera egiten laguntzen die lizentziak ordaindu beharrik gabe, programatzaileen artean ezagutza trukatuz teknologien hobekuntza sustatzen du, erabiltzaileari askatasuna ematen dio,... eta proiektu libre bakoitzak atzetik izaten duen komunitateari esker, software pribatiboak lortutako emaitzak baino hobeak lortzen ditu.

Software pribatiboa eta euskara: Eusko Jaurlaritzaren ekimenak... zertarako?

Eusko Jaurlaritzak eta Microsoftek dauzkaten hainbat akordiori esker Microsoften produktu erabilienak eta web zerbitzu gehienak euskaraz erabiltzeko aukera dago: Windows, Office, Hotmail,... eta hori ona da, noski. Baina kontua da Gates jaunaren makrokonpainia dela irabazten irteten dena:

  • Ezin izan dut egiaztatu benetan euskaraketak Microsoftek edo Eusko Jaurlaritzak ordaintzen dituen, baina edonola ere, euskaraketak egin daitezen sinatu duten akordioari esker, EAEko administrazioak bere eskura dauzka Microsoftek, beraz, kasurik okerrenean ere beretzat inbertsio bat da, erkidego osoa etorkizunean ere bere menpe edukiko duela ziurtatzeko. Kasurik onenean, berriz, opari bat.
  • Jaurlaritzaren pixkabatesmucho, egin klik euskarari, Ukan birusa eta beste promozio kanpainei esker, Microsoftek doako publizitatea lortu du, eta euskararen alde egiten duela zabaldu dute alde guztietan. Marketing kanpainak? Zertarako! Dena eginda eman diote baina!
  • Software libreak ia beti dauka euskaraz erabiltzeko aukera, eta estrategia honen bitartez desberdintasun hori ezabatzea lortu du, oraingoz alde daukan balantza beste aldera okertu baino lehen.

Gainera, euskaraketa akordioei esker egin da batez ere, beraz, akordio horiek hausten direnean (eta etorriko omen den gobernu berriarekin, argi) Microsoftek ez dio produktuen itzulpenari jarraipena emango ziurrenik, ez baitu gure hizkuntza interesgarri ikusten ez bada administrazioa bere esanetara jartzeko bide bat bezala.

Beraz, oso ondo dago gehien erabiltzen diren aplikazio horiek euskaraz erabili ahal izatea, baina software librearen munduan parekideak baditugu, guztiz euskaraz eta inongo loturarik gabe, merezi du guzti honek? Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak.

(Eusko Jaurlaritzak software librearen inguruan bultzatu dituen ekimenez beste batean idatziko dut.)

Euskara eta software librea

Software librea talde boluntarioen itzulpenei esker erabil daiteke euskaraz (adibidez Librezale edo EuskalGNU), baina normalean itzulpenen kalitatea ona izaten da, eta zuzenketak egitea ere askoz errazagoa da.

Aplikazio ugari daude euskaraz, eta mezu honekin ireki berri dudan blog honetan poliki-poliki interesgarrienak erakutsiko dizkizuet, eta estilo honetako gaiei buruz idatziko dut. Espero dut zuen gustokoa izango dela, eta zalantzarik badaukazue, galdetu lasai!

Zabaldu | Bildu

Erantzunak

Leire 2009-04-13

Aupa Ibai, ni be software librearen alde nago. Duda barik. Jendian inplikazinua eta elkar laguntza benetan ikusgarrixa da mundu horretan. Solidaritate haundixa dau software libreen erabiltzaileen artian.

Oin dala bi urte Richard Stallmanen hitzaldi batian egon nitzen. Tipua autentikua da benetan. Guru bat, garai modernoetako guru bat. Aretoa jendez beteta zauen eta hitzaldi erdixan, entzuleen artian zeuen batek bere ordenagailu portatila zabaldu eta windows-eko musikatxua entzun zan areto osuan. Imajinau zeike zelako barriak sortu ziren...

ibai 2009-04-13

Aupa Leire. Nik uste dot software librian alde jende askobe gehixau egongo zala, baina eztauiela ezauketan ze dan. Jendiai inporta jakona gratis izetia da, produktua ilegalki lortu arren. Baina zorionez poliki-poliki software libria bere lekutxua hartzen dabil.

Imajinetan dot portatilien Windowsa zaukon horrek ze lotza pasauko zauen, jaja, nun eta justo software librian hitzaldi baten. Nik eztot euki Stallmanen hitzaldi bat zuzenien ikusteko aukeraik, baine oin arte ikusi dotenakin neretako idolo bat da. Zuk esan dozun moduen garai modernuetako guru bat.

Andoni 2009-04-18

Aupa, ni be software librearen aldeko naz, baina puntualizazio batzuk egingo nituzke:

ez dot pentsetan software librean garatutako programie berez pribatibo moduan egindako bat baino hobie danik. Zoritxarrez, kasu askotan alderantzikue izaten da. Esan dozun moduen, Software Libriek badauzka hainbat gauza on bere filosofian, bana jendiek debalde bada, pribatibue gurago izaten dau. Eta honi aurre egiteko kalidadie, erabil erreztasune eta bateragarritasune landu biherko diela pentsetan dot.

Euskerien gainien, eta orokorrien hizkuntza guztiekin, programa danek (pribatibo zein libre izen) testuak itzultzeko mekanismo libreak izen biherko littuzkie. Hau da administrazinuek bultzetu biherko laukena. Horrela, edonork itzuli ahal izengo lauke programa bat beste hizkuntza batzutara (borondatez edo ordainduta). Gaur egun Software Librien hau kasu guztietan ematen da, baina pribatibo gutxitan (lanien badauzkat asko ordaindutako programak, hizkuntza itzultzeko aukera librie eskaintzen dauienak).

ibai 2009-04-19

Aupa Andoni,

bueno, nik ez nauen esan gura "berez" hobia danik. Baina kasu ugaritan hola da, lan eitxeko moduagatik, erabiltzailiengandik askoz gertuau dauzelako garatzailiak. Hor daukotzu Firefox, edo Apache zerbitzarixak (gehixen erabiltxen dienak gaur egun), eta baitxa GNU/Linux banaketa batzuk, batez be Ubuntu. Erabilterraztasuna izen da oin arte Linuxek nahiko ahaztuta euki izen dauen gauza bat, baina Ubuntu moduko banaketa modernuek bete daue zauen hutsunia... eta benetan esatentzut nik Ubuntu erabiltxen dotela lana asko errazten dustalako, Windowsek baino gehixau. Kontua da jendiak bilddurra daukola aldatzeko, baine gaur egun ez dau holako zailtasunik... nere amak eta guzti erabiltxen dau Ubuntu!

Beste kontu bat da bateragarritasuna. GNU/Linuxen arazo haundixena driverrena da, fabrikatzaile askok eztitxue sistema honendako driverrak garatzen, eta hor datoz arazuak. Baina hor be lan gogor eitxen dabitz, eta lorpen asko egon die.

Testuak itzultzeko mekanismo librienian ados nau, baine software pribatibuak itzulpen mekanismo libriak euki arren, hor ez da bukatzen arazua. Mac OS X sistema euskaratuta dau (bertsiño zahar bat behintzat), baina Apple-k debekatuta dauko euskarazko itzulpena publikatu edo erabiltxia.

mari 2009-04-20

Aupa Ibai.  

Nik ez dakit gauza askorik software libreari buruz, baina interesetan jat. Beraz, zure aportaziño danak oso interesgarrixak izengo die ni morukuentzako. Jarraitzu "ezjakinok" informetan. Eskerrik asko!

B 2009-04-21

Guztiz ados Ibai, oso artikulo ona, Ibai software askearen "Guru" berria!

darko 2009-11-15

Kaixo denoi, ez dakit "software libre" gisa kalifika daitekeen, baina hemen aurkituko dituzue euskarazko marrazkiak, filmak eta komikiak euskaraz:

www.euskal-encodings.com (sartu foroan)

Ikusi arte!

Zeuk erantzun

(ez da publikatuko) (zenbakiz idatzi)