Eskohitza → Blogak → Harahonaka → GaraiON NaturArtea
Atzo Otaza etxean izan ginen GAraiON NaturArtea elkartearen lehen batzar orokorrean. Giro onean, paraje ederrean eta konpainia ezin hobean. Eta aitzakia polita iruditu zait gure blogari astindu bat emateko aspaldiko partez. Harahonaka aritzeko une batez. Zergatik? amets eder baten eraikuntzan ari baitira Otaza etxean lanean diharduten neska-mutilak, eta horren inguruko berri zabaldu nahiko nuke gure artean.
Ziurrenik zuetariko askorentzat Otaza etxea ezaguna izango da aurrez. Han Barrundian, Ozaeta eta Maturana artean, ezkutatutako bidezidorretik aurrera dagoen gune berezi hura. Bertan udalekuak-eta antolatu izan dira Txatxilipurdiren eskutik urte luzez. Azken boladan izpiritu berri bat erne da bertan eta proiektu polit baten ernamuin bilakatu da. Asmoa: Otazako inguru berezi hori sormenaz eta naturaz gozatzeko gune bihurtzea. Helburu horrekin lanean dihardu 18 laguneko taldea, etxaldea konpontzen eta proiektuaren arima mimoz elikatzen. Eta zertan gauzatuko da amets hori? asmoak ugariak bezain politak dira: museo etnobotaniko bat, lorategi mitologiko bat, ortu ekologiko bat, bilgune izango den plaza eder bat, bertako parajeaz gozatzeko lo-guneak, guzti hori lotuko duen bide interaktibo bat... Naturaz, emozioez eta gure ondareaz gozatzeko gune izan nahiko luke; garen horri izateko-espazio bat eskaintzeko aitzakia.
Atzoko batzarrean orain arte egindako ibilbidearen berri eman zuten bultzatzaileek: handik eta hemendik diruak lortzeko saiakerak nondik nora joan diren, taldea prestatzen eta sendotzen egindako ibilbidea, ingurua txukuntzeko burutu dituzten lanak (auzolanak tartean), proiektuak mamitzeko ahaleginak... Eta batez ere, amesten jarraitzeko gogo eta ilusio dosi handiak transmititu zituzten. Badabiltza lanean, lehen pausuak ematen, eta uneotan bi proiektu dituzte eskuartean: bata, nerabeekin lan egiteko eta bestea, jubilatutako taldeekin aritzeko. Ondoren, afari-merienda-kantaldi eder batekin eman genion amaiera atzoko iluntzeari.
Ateak zabalik daude Otaza etxaldean proiektuan interesa izan dezakeen edonorentzat. Merezi du hara hurbiltzeak eta bertatik-bertara ezagutzea egitasmoaren mamia. Ziur bertako "sorginek" gustura hartuko gaituztela eta proiektuarekin liluratuko garela. Bada kondaira bat dioena, bertaratzen den oro sorgindua izaten dela, eta hara itzultzen dela ilargi-bete oro... Eta bestela, atzokoa ikusi besterik ez dago!
Bide batez, aprobetxatu nahi dut jakinarazteko bazkidetza-plan bat jarriko dutela martxan epe laburrean, egitasmoa lagundu eta parte hartu nahi duen ororentzat. Ziur naiz, handik edo hemendik, izango dugula Otazan gorpuzten ari den GaraiON egitasmoaren berri aurrerantzean ere. Animo eta aurrera!
Hemen duzue Otaza etxeko kondairaren berri, egin klik eta gozatu:
amaia gabilondo 2009-05-11
Eskarrik asko bihotz bihotzez!!!!!!!!!!!!!!!!!
Otazako sorginen izenean.
Guk geok be ez genuke hain ondo kontauko ta.
Mila esker eta badakizue Otazako ateak parez pare irekita dituzuela nahi duzuenerako.
Muxu sorgigarriak!!
aina 2009-05-11
Eskerrak zuei amaia! ostegunekoa opari bat izan zen zuenera hurbildu ginenontzat, benetan. Animo eta segi ametsa eraikitzen!
hurrengo ilargi-beterarte...
mosu haundi bat!