eskohitza.com

EskohitzaBlogakHarahonaka → Nora doa arrasatear kooperatibagintza?

RSS 2.0

Nora doa arrasatear kooperatibagintza?

Ainara Udaondo (Harahonaka)

2009-10-24

Etiketak: (ez dago etiketarik)

Gurera etorriz, Arrasateko Kooperatiba Esperientziaren gainean gogoeta egin nahiko nuke gaurko honetan.

Arrasatear kooperatibagintzak mende erdiko ibilbidea egina du jada, eta edozein esperientzia praktikok moduan bere argi-ilunak ditu. Ondoko bokazioari erantzunez jaio ziren kooperatibak: enpresa egiturak eraldatzea, gizartea eraldatzeko. Kooperatibagintza bi ezaugarriren arabera defini liteke. Batetik, barrura begira, logika demokratikoa ardatz lukeen erakundea izatea. Bestetik, kooperatibaren hormetatik haratago, gizarte eraldaketan inplikaturiko agente izatea. Sorrerako iparra, bere lausoan, ondokoa genuen: pertsona kooperatiboago bat amestea gizarte autoeratuago batean. Begiratu integral hori aurki dezakegu esperientzia honen sakoneko inpultsoan, berau sostengatzen dituen ideia eta oinarrietan errigorez arakatuz gero.

Gure kooperatibagintzari lorpen garrantzitsuak egotzi diezazkiokegu: lanari beste estatus politiko eta humano bat eman izana enpresa egituren baitan; enpresaren eremuan logika demokratikoak aplikatu izana; lana sortu eta garai latzetan lanaren alde borrokatzeko erakutsi izan duen determinazioa; interkooperazio mekanismo interesgarriak sortu izana; aberastasuna modu orekatuago batean banatu izana... Noski, baieztapen bakoitzaren aurrean, baina edo matizen bat txertatzeko moduan geundeke, ziur. Argi dago, kooperatibagintza fenomeno praktikoa den aldetik, inperfekzioak eta kontraesanak dituela, kasu batzuetan oso nabarmenak gainera. Esate baterako, zein da demokraziaren kalitatea uneotan gure kooperatibetan? zer gaitasun du gaur egun kooperatibagintzak ilusioak pizteko kooperatibistongan? non geratu da begirada integralago hori, ez ote gara arlo produktibora estu lotu bestelako asmoak bide bazterrean utzita?

Galdera horiek darabiltzagu buruan, besteak beste, kooperatibistekin jarduten dugunean lanean. Eta bai, badirudi gure kooperatibagintzak ilusio eta ikusmira berrien beharra lukeela. Nolabaiteko zentzu krisia bizi dugula. Badago gose bat, gauzak hobetu eta biziberritzeko nahi boteretsu bat. Hasteko, barrura begira barne mekanismoetan zer hobetu badaukagu, logika demokratiko exijenteago bat aplikatzeko bidean. Eta bigarren maila batean sortzen zaigun oinarrizko galdera ondokoa da: ba al dago horizonte ilusionagarririk, gizarte proiekturik, gure kooperatibagintzan?

Garai batean, zergatik eta zertarako jakin batzuk izan zituen arrasatear kooperatibagintzak. Urrutirako amets ederrak marrazteko adorea izan zuten kooperatibistek beste garai historiko batean: langileriaren emantzipazioa, justizia soziala, enpresa egituren eraldaketa eta gizarte proiektu integralago bat. Beren garaiko ametsak ziren horiek. Zeintzuk dira egungo horizonteak? Uneotan bidegurutze baten aurrean egon gaitezkeela dirudi. Zentzu krisiari erantzuteko pistak behar ditugu, XXI. mendera begirako kooperatibagintza marraztu eta pentsatzeko erronkaren aurrean gaude. Ideia hori zirriborratzen hasteko hona hemen zenbait intuizio: beharrezkoa dela berriro ere gizartearen eta belaunaldi berrien amets, behar eta ilusioekin bat egitea. Eta gizarte proiektu integralaren ideia berreskuratuz, autoeraketaren taupadan dabiltzan bailarako indar bizi eta eragileekin elkarlana bultzatzea. Jarraituko dugu honen inguruan hurrengo batean...

 

Zabaldu | Bildu

Erantzunak

arizmendi arrrrrrrr!!!! 2009-11-25

Arrasateko kooperatiba Multinazional bat da. Bazkideek utzi zuten hau horrela izaten, entxufismoari esker asko eta askok lanpostu hobeagoa lortu dute eta kooperatibismoa pikutara bota dute. Orain bazkideen erdiak ezer egin gabe eroso bizi dira kriston soldatekin eta jada beste erdiak, esplotatuak biziko direnak jubilatu arte, ezingo dute ezer egin zeren ipurtzuloak jan dituzten eta entxufatuak daudenak %50a baino gehiago direlako.

 

MCC-n ongi bizi direnak gaur egungo jauntxoak dira, kooperatibismoz disfrazaturiko kapitalistak, Stalinismo bat da MCC gaur egun. Edozein tallerrera joaten bazara denok esango dizute kooperatibismoa ez dela existitzen, hori langile xumeek esango dizute: hauek esplotatuak daude, ezin dute bajarik hartu entxuferik ez badute, oporrak ere kolokan, paga estrarik gabe, etab. Besteak ordea, jefecilloak (entxufatuak, uzki-jaleak...), ultra-kooperatibistak direla ematen du baina beraien helburu bakarra beraien poltsikoa betetzea da, hori bai, langileen kontura. Soldatak murriztu? Denori eta proportzio berean. 1000 euro irabazten duenari %15 kentzea eta 3000 euro irabazten duenari galera berdina suposatzen al dio? MAFIA GALANTA MCC.

MCC: Mafiosos Caciques Capitalistas

Zeuk erantzun

(ez da publikatuko) (zenbakiz idatzi)